top of page
Ligako 11. jardunaldiari zegokion norgehiagokan, Tolosalak Leioa Ibaraki talde bizkaitarraren kantxa bisitatu zuen igande arratsaldean. Aurreko asteburuan Antiguokoren aurka jasandako porrotak taldearen garaipen segida eten bazuen ere, Leioaren aurkako partidaren helburua puntuak hirunaka gehitzen ahalik eta azkarren hastea zen. Intentzio hori buruan zutela, partidara ondo sartu ziren Tolosako mutilak eta Enaitzek segituan jarri zuen kanpoko taldea aurretik, area ertzetik eginiko eta zutoin ondotik pasatako jaurtiketa bati esker. Partida ez zen 3. minutura iritsi oraindik.
Dena den, pozak gutxi iraun zion Tolosalari, ondorengo bi minutuetan markagailua iraultzea lortu baitzuen Leioak. Bi gol horietan, lehena jokaldiz egina eta bigarrena bizkarra irabazitako ateko sake baten bitartez, defentsak ez zuen intentsitate nahikoa erakutsi, eta garesti ordaindu zuen. Espero gabeko egoera horren aurrean eta baloia aldeko zuen aukeretan, posesio luzeagoak izaten saiatu zen talde urdina; baloia aurkariak zuen momentuetan, goran presionatzen zuen Leioa deseroso senti zedin eta Etxeberen atea gehiago mehatxatu ez zezan.
Dinamika horretan joan ziren minutuak aurrera. Hala eta guztiz ere, atsedenaldira iristeko 18 segundo falta zirenean, psikologikoki oso garrantzitsua izan zen gola sartu zuen Asier Yarzak, Beñat Balerdik ondo sartutako pase baten eskutik. Gol honi esker 2-2koa ezarri zuen markagailuan Asierrek, bigarren zatia atzetik ez hastea baimendu zuena. Aipatzekoa, ere, 2-2koa lortu baina minutu erdi lehenago Etxebek egindako geldiketa, 3-1koa izango litzatekeena eragotzi zuena. Lehen zatian eginiko akatsak atsedenaldian zuzendu ostean, bigarren zatian ere segituan lortu zuen Enaitzek taldea aurretik jartzea. Oraingoan, ordea, bi gol sartu zituen bi minututan, eta 2-4koak arnas pixka bat hartzea baimendu zion taldeari. Hat-trick honekin 13 gol daramatza zaldibiarrak ligan. Bigarren zatiko erdialdean 2-5koa ipini zuena Markel izan zen.
Aldeko sake batetik hasi zen jokaldi batean baloia jaso zuen eta honekin aurrera joaten hasi zen. Aurkaririk ez zetorkiola ikustean, beste areara gerturatu zen eta gola sartu zuen. Leioak, aldeko sake batetik, 3-5koa sartzea lortu bazuen ere, 3-6koa eta 3-7koa azkar sartu zituzten Iker Lopezek eta Asier Yarzak, hurrenez hurren. Ikerrek ezkerkada indartsu batekin sartu zuen gola; Asierrek, ordea, Leioa jokalari bat gutxiagorekin zegoela aprobetxatu zuen baloia bultzatzeko. 4-7 gerturatu baziren ere Leioakoak, 4-8koa sartu zuena Josu Erauskin izan zen, partida erabat itxi zuena.
Azken minutuan 5-8koa sartu zuen Leioak penalti baten bidez, eta honelaxe amaitu zen partida. 5-8ko honi esker Tolosala garaipenaren dinamikara itzuli zen berriro, eta play-off postuetan mantentzeaz gain berriro ere distantzia hartu du atzetik dituen aurkariekiko.
Aste honetan jardunaldirik ez dagoenez, taldeak ere atseden txiki bat hartuko du eta ez du entrenatuko. Hurrengo partida abenduaren 17an jokatuko du, igande goizean, Gora talde bilbotarraren aurka. Ordua, zehazteke oraindik. #GOGOTEEPTOLOSALA
bottom of page





.png)

%20(1)_JPG.jpg)