top of page

Partida zaila izan zuen Tolosalak 2024 urteari hasiera emateko. Donipari talde pasaitarra izan zuen aurkari, ligako sailkapenean 4. postuan iristen zena Uzturpera. Tolosalaren garaipenak play-off postuetan are gehiago indartzeko balioko zion; Doniparik irabaziz gero, ordea, Pasaiako taldea ligarako kontuan hartu beharreko taldea zela erakutsiko zuen. Goiko postuengatik borrokan ari diren taldeen arteko edozein partida bezala, Uzturpeko partida tentsioarekin hasi zen. Lehen minutuak elkarri neurria hartzeko izan baziren ere, Tolosala izan zen partidaren jabetza hartzen lehena. Markagailuan aurre hartzeko aukerak iristen hasi ziren eta, aurretik golen bat edo beste barkatu arren, Enaitzek 1-0koa jarri zuen Iker Lacunzaren pase baten bitartez. Aurretik jartzearekin batera konfiantza hartu zuen etxeko taldeak eta 2-0koaren bila jarraitu zuten. Horretarako aukerak izan zituzten ere; horien artean garbiena Unai Alustizaren pasea, Asier Yarzak iritsi ezin izan zuena.

Ondorengo momentuetan Donipari izan zen aurrera pausoa eman zuena. Gola sartzeko duten erraztasuna da talde honen argudio nagusia eta, gauzak honela, berdinketa lortzeko aukerak izatera pasa ziren. Hasiera batean Tolosalak atzean ondo eutsi bazuen ere, area ertzeko falta bati esker 1-1koa lortu zuen kanpoko taldeak, eta partidan erabat sartu zen. Oraindik ere minutuak falta ziren atsedenaldira iristeko, eta bi taldeek gozatu zuten markagailuan aurre hartzeko aukerez. Zorionez, Iñigo Garmendiaren tiro batek Donipariko atezaina gainditu zuen eta 2-1 jarri zuen taldea aurretik. Gol oso ona izan zen Iñigorena, eskuadratik sartu zuena. Atsedenaldian, 2-1 zioen markagailuak. Bigarren zatia aurrenekoaren antzekoa izan zen.

Tentsioa presente zen partida irekia zegoelako oraindik. Gol aukerek jarraitzen bazuten ere, 2-1koa ez zen mugitzen. Tolosalak izan zituen 3-1 aurretik jartzeko gol aukerak, baina langak zein aurkako atezainak eragotzi egin zuten. Defentsan, behintzat, oso sendo mantendu zen taldea, eta Donipariren gol aukerak ondo indargabetu zituen. Bigarren zatiko erdia igarota, ordea, falta batez baliatu zen Tolosala 3-1koa ipini eta markagailuan distantzia hartzeko. Eskuin hegaleko falta sakatu zuena Beñat Balerdi izan zen, Iker Lacunza bakarrik geratu zela ondo ikusi zuena. Beñatek area barrura baloia sartu zuen eta Ikerrek sareetara bultzatu besterik ez zuen egin. Azkenik, partida amaitzeko 2 minutu baina gutxiagoren faltan, Doniparik txartel gorria ikusi zuen, eta 3 jokalarirekin defendatu behar izan zuen. Geratzen zen denboran, beraz, Tolosalak oso ondo mugitu zuen baloia, jokalari gehiago zirela ondo aprobetxatuz. 30 segundoren faltan Iker Lacunzak 4-1koa sartu zuen, 3 puntuak etxean geratzen zirela ziurtatzen zuena. Partida oso ona Ikerrena: 2 gol, zurtoin bat, langa bat… eta lehen zatian defentsan eginiko akzio oso on pare bat, taldeak gola jasotzeaz salbatu zutenak. Kolektiboki ere partida izugarria egin zuen Tolosalak.

Partida 4-1 amaitu zen. Tolosalak aldea handitu zuen sailkapenean, eta orain 5. postua 8 puntura uzten du. Aste honetan Eskoriatzara joango da taldea; partida larunbatean izango da, 18:00tan. Zorte on! #GOGOTEEPTOLOSALA

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page