top of page

Ligak 2. itzulerari hasiera ematen zion 16. jardunaldi honetan Tolosalak Albardero talde arabarra bisitatu zuen larunbat arratsaldean. Aurreko astean Eskoriatzan merezi gabeko porrota jasan ostean, talde tolosarrak garaipenaren dinamikara ahalik eta azkarren itzuli eta puntuak hirunaka gehitzera bueltatzea zuen helburu. Saiakera horretan, partidara ondo sartu ziren Javi Mugikaren mutilak. Egin beharrekoa zer zen argi izanik, partidako lehen minutuetan markagailuan aurreratzeko hainbat gol aukeraz gozatu zuten. Dena den, atezain aurkaria fin aritu zen ate azpian, 0-0koa mantenduaraziz.

Lehen zatia aurrera joan ahala, ordea, Tolosalak jokoaren nagusitasuna galdu zuen eta Albardero izan zen partida berak nahi zuen eremura eraman zuena. Atzean hobeto eusten hasi ziren eta kontraerasoan min egitea lortzen zuten. Jaurtiketa batean zutoina ere jo zuten. Hala ere Tolosalak atzean ondo eutsi zuen, eta atsedenaldira inork golik sartzea lortu ez zutela iritsi ziren: 0-0. Atsedenaldiak gaizki eginiko gauzak zuzentzeko eta taktika birplanteatzeko balio izan zuen. Taldeak atzean itxaron beharrean gora presionatzera pasatzeko erabakia hartu zuen, Albardero taldea ito eta baloiaren jabetza euren atetik ahalik eta gertuen lapurtzeko. Bigarren zatiak denetik izan zuen. Tolosalak gaizki defendatutako jokaldi batetik eratorri zen korner baten eskutik Albarderok 1-0koa ezarri zuen, 2. zutoinera sartutako baloi bati esker.

Bigarren zatiko lehen minutuak ziren oraindik. Hori nahikoa ez eta, hortik gutxira, Markelek baloia area kanpoan hartu zuen eskuekin, eta zuzenean kalera bota zuen epaileak. Hurrengo faltan 2-0 azpitik ipini ziren. Ez zen, inondik inora ere, Tolosalak espero zuen bigarren zati hasiera izan. Etxera 3 puntuekin itzuli nahi bazuen, ordura arte erakutsitakoa baino askoz ere gehiago erakutsi beharko zuen. Hurrengo jokaldietako batean Albarderoren jokalarietako batek min hartu zuen berak bakarrik eta, lesioaren larritasuna medio, partida eten egin zen 20-25 minutuz. Jokalariak aldageletara itzuli ziren, eta Tolosalak berriro ere zuzenketak egiteko aprobetxatu zuen. Partida suspenditzeaz hitz egin bazen ere, taldeak azkenean kantxara itzuli ziren. Partidak berriro ekin zuen eta Tolosalak 2-2koa segituan lortu zuen. Golegileak Antton eta Iker izan ziren. Hortik gutxira 2-3 aurretik ere jarri zen taldea; oraingo honetan Beñat Balerdik sartu zuen gola, berak bakarrik eginiko jokaldi baten bitartez. 2-3 aurretik jarri baziren ere, tamalez, Albarderok markagailua berriro iraultzea lortu zuen, eta 4-3 amaitu zen partida. Porrot espero gabea bezain mingarria izan zen Tolosalarentzat. Azken bi partidetan beste hainbeste porrot jasan ditu Tolosalak.

Dena den, atzetik dituen taldeak gerturatu bazaizkio ere, oraindik ere 3. postuan mantentzen da. Jende asko dago lesionatuta taldean eta jokalari falta hori sumatzen du taldeak. Egoerari buelta emateko aukera larunbat honetan izango du taldeak; aurkaria, oraingo honetan, Etxebarriko Kukuyaga izango da. Zorte on, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALA

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page