top of page

Azken asteburu honetan, taldeak Kukuiaga-Etxebarri talde bizkaitarra jaso zuen Uzturpen. Talde tolosarra denboraldi ona egiten ari den arren, azkeneko bi partidetan porrota ikusi du, eta aurretik zeramaten garaipen-boladara ahalik eta azkarren itzuli nahi zuten, eta halaxe lortu zuten, 3 puntuak Uzturpen geratu baitziren. Teep Tolosalak, aurreko jardunaldian Albardero-Rivabellosa taldearen aurka jokatu zuen. Kantxa zaila izan arren, gure mutilek ahalegin handia egin zuten partida irabazteko, hala ere, esku hutsik itzuli ziren tolosarrak. Partido honetara, lehen esan bezala, gogotsu iritsi ziren tolosarrak, irabaziz gero, azkenengo bi partidetako sentsazio ez hain onak nolabait baztertuko zituzten. Hori lortzeko, lan serio bat egin beharra zegoen, gainera, taldeko jokalari batzuk ez zeuden jolasteko prest, lesioak direla eta. Hala ere, pixkanaka hauen itzulera ikusiko dugu. Taldeak partida hasiera serioa egin arren, talde bizkaitarrak 0-1 ekoa jartzea lortu zuten.

Tolosarrak ez ziren makurtu, eta lanean jarraitu zuten. Aukerak izan arren ez zuten baloia sarera bidaltzea lortzen. Halako batean, pase on baten bidez, Iker Lopez de Murillas atezainaren aurrean gelditu zen, eta modu dotore batean, atezaina errekortatzea lortu zuen, ondoren baloia ate barrura sartzeko. Horrela, atsedenaldira 1-1 emaitzarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, gure mutilak asmo berarekin jarraitu zuten, eta aukera dexente izan ondoren, azkenean golak iristen joan ziren. Lehenik, Unai Alustizaren eskutik, 2-1eko markagailua jarriko zuena. Honen atzetik, Asier Yarzaren tiro ajustatu bati esker, markagailua 3-1ekoa zen. Tolosarrek partida guztiz itxi nahi zuten, bizkaitarrei gutxieneko aukerarik eman gabe.

Horrela, tolosarren erasoaldiek ez zuten etenik, eta horietako batean Unai Alustizaren bigarren gola iritsi zen, 4-1eko markagailua jarriko zuena. Partida guztiz ixteko, Iñigo Garmendia kapitainak, defentsan egiten duen lana gutxi balitz, erasoan ere bere ekarpena egin zuen, 5-1ekoa jarriz. Taldea indartsu zebilen erasoan eta baloiaren jabe izan zen bigarren zatiaren denbora gehienean. Defentsan egindako lana ere garrantzitsua izan zen, bizkaitarrek atezain-jokalaria erabili bazuten ere, tolosarrek bigarren zatian ez zuten golik jaso.

Dinamika on honi jarraipena emateko asmoz, gogo eta ilusio handiz hartuko dute hurrengo jardunaldia tolosarrek, non Aurrera de Vitoria talde arabarra jasoko dute Uzturpen, larunbatean, arratsaldeko 16:00etan. #GOGOTEEPTOLOSALA

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page