top of page

Garaipen ikaragarria Tolosalak larunbat arratsaldean Arrasaten lortu zuena. Aurkari zuzenen arteko norgehiagoka izan zen Musakola kiroldegian ikusi zena; izan ere, sailkapeneko 2. eta 3. postuak bi talde hauenak ziren, eta Tolosalak Mondrateri irabaziz gero hauen puntu bakarrera gerturatuko ziren berriro, eta atzetik estutzen datozen taldeekiko distantzia mantentzea lortuko zuen gutxienez beste asteburu batez. Gauzak honela, Tolosala atzean defendatzeko ideiarekin irten zen partidara, Mondrateren bizkarrera min egitea bilatzeko gero.

Dinamika honetan, partidako lehen minutuetan Mondrate bera izan zen baloiaren jabetzaz gozatu zuena, baina gol aukera garbirik sortu gabe oraindik ere. Tolosala pixkanaka joan zen askatzen eta, posesio luzeagoen bitartez, aurkarien atera gerturatzeko lehen saiakerak ere egin zituen. Partida oso parekatua bazegoen ere, 1. zatiko erdia pasatxo Mondratek 1-0koa sartzea lortu zuen. Jokaldi hasieran Tolosalarena bazen ere baloia, Arrasateko taldeak bikain gauzatu zuen kontraerasoa: baloia azkar gidatu, 2. zutoinera pasea egin eta baloia eskuadratik sartu. Lehen zatia amaitzeko falta ziren minutuetan parekotasunak jarraitu zuen, non bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina hauek ez ziren oso garbiak izan. Bigarren zatira ere oso ondo sartu zen Tolosala. Mondrateren hasierako aukera baten ostean, 1-1koa lortu zuen Asier Yarzak. Iñigo Garmendiak eginiko jaurtiketa ate azpitik atera zuen Mondrateko jokalari batek, baina adi eta ondo kolokatuta egon zen Asier eskuinarekin baloia sareetara bidaltzeko. 1-1koak konfiantza eman zion talde urdinari, eta zuzenean 1-2koaren bila pasa zen. Mondrate, aldi berean, urduri jarri zen.

Gol aukera argirik izaten ari ez bazen ere, aldeko sake batetik Beñat Balerdik arrisku handirik gabeko jaurtiketa bat egin zuen, atezain aurkariak ondo aldendu ez zuena. Iñigo Garmendiak baloia hartu eta, angelu gutxi izan arren, baloia eskuadratik sartu zuen 1-2koa jartzeko markagailuan. Partidako azken minutuetan taldea oso sendo mantendu zen atzean. 5 minuturen faltan Mondrate 5 jokalarirekin erasotzera pasa zen, baina Tolosalak ez zuen sufritu. 1-2ko honekin Tolosala play-off postuetan egonkortzen da, Mondrateren gainera botaz sailkapenean eta Gernika 4. sailkatuarekiko distantzia mantenduz.

Datorren astean Bilboko Almi Elorrietako taldea jasoko du Tolosalak Uzturpen. Partida garrantzitsua izango da, aste honetan lortutako 3 puntuak are hobeak egiteko balioko duena. Zorte on, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALA

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page