top of page

Ligako lider Antiguokoren kantxa bixitatu zuen Tolosalak pasa den larunbatean. Sailkapeneko lehen bi taldeek elkarren aurka jokatzen duten partida orok bezalaxe, tentsio handiko partida izango zela aurreikusten zen hau ere. Tolosalaren kasuan, taldeak bazekien 3 puntuak lortzeak play-offean bere presentzia ia guztiz ziurtatuta utziko zuela. Erritmo handiko partida izan zen hasieratik bukaeraraino. Antiguoko intentsitate oso altua ezartzen duen taldetzat ezagutzen da, aurkaria berak nahi duen horretara jokatzera behartzen duena. Zerbaitegatik doa ligan lehenengo partida bakarra galduta.

Tolosala oso ondo sartu zen partidan. Baloi jabetza denbora luzez ez bazuen ere, defentsan fin ari zen eta gol aukerak ere izaten ari zen. Dena den, 7. minutu aldera Antiguoko izan zen markagailuan aurreratu zena, falta arriskutsu bat on eginez. Hurrengo minutuetan, ordea, Tolosalak markagailua iraultzea lortu zuen. 1-1koa zein 1-2koa Unai Alustizaren eskutik etorri ziren: lehenengoan Antiguokoko atezainaren irteera txar bat aprobetxatu zuen baloia sareetara bidaltzeko; bigarrengoan, zesio falta batetik sartu zuen gola. Hortik gutxira Antiguokok berriro ere 2-2koa sartu zuen: korner bat sakatu eta euren jokalari bat ate aurrean geratu zen bakar bakarrik, eta baloia eskuadratik sartu zuen. Hala ere, berdinketa hau hautsi eta berriro aurreratu zena Tolosala izan zen: Antiguokok huts egindako jaurtiketa batetik azkar jarri zuen baloia jokoan taldeak. Baloia Asier Yarzari iritsi zitzaion eta 2-3koa sartzea lortu zuen.

Atsedenaldira markagailu horrekin joan ziren: 2-3. Bigarren zatia, bestalde, korapilatsuagoa izan zen. Antiguokoren jokalari hoberena dena bere kabuz egiten saiatzen zen. Tolosalak ondo eutsi zion, baina erasoan baloiak ez zion irauten. Aldeko gol aukerak, ere, gutxi. Minutuak aurrera zihoazen eta Tolosala etxera 3 puntuak eramatetik geroz eta gertuago zegoen. Hala ere, partida amaitzeko 7 minutu inguru falta zirela, berriro ere korner batetik Antiguokok 3-3koa sartu zuen. Kornerretik eratorritako bi golak jokalari berdinak sartu zituen. Aldi berean, lehenengo zatian gertatu zitzaion bezalaxe, faltaz kargatuta zegoen Tolosala, defentsan ezarri zezakeen intentsitatea baldintzatzen zuena. Hortik gutxira Tolosalak 6. falta egin zuen. Ondorioz doble-penaltia izan zuen kontran, 4-3koa sartzeko erabili zuena Antiguokok. Partida berdintze aldera 5 jokalarirekin erasotzera pasa zen Tolosala. Lehen uneetan min egitea lortu zuen, non eta Asier Yarzak egindako jaurtiketa bat ate azpitik atera zuen Antiguokoko jokalari batek, behin atezaina salduta zegoela. Hurrengo minutuetan, ordea, hobeto defendatzera pasa zen etxeko taldea, eta Tolosalak baloia galdu zuen batean 5-3koa sartu zuen, partida erabakita utzi zuena. 5-3koarekin, Antiguokok liga 1. postuan amaituko duela ziurtatu zuen.

Tolosalak oso haserre amaitu zuen epaileekin, garbiak ez ziren falta asko pitatu eta hainbat txartel hori atera baitzituzten azken hauek, Tolosalaren lana baldintzatu zutenak, esan bezala. Porrot mingarria izan bazen ere, liga amaitzeko 5 jardunaldiren faltan taldeak 2. postuan jarraitzen du, atzetik datozenak estutzen datozen arren. Play-offean sartzeko txartela mantentze aldera, datorren larunbatean taldeak Leioa Ibaraki jasoko du Uzturpen, arratsaldeko 16:00etan. Zorte on, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALAGO

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page