top of page

Ustekabekoa bezain mingarria izan zen Tolosalak igande goizean jasan zuen porrota. Liga amaitzeko 3 jardunaldiren faltan, 4-6 galdu zuen Jarrilleros talde bizkaitarraren aurka. Nahi baina ezin. Hitz horiek azaltzen dute talde urdinari igandean gertatu zitzaiona. Honelako partidek eskatzen duten intentsitatea momentu batean ere erakutsi gabe, baloiarekin zein baloi gabe ideiarik gabe aurkitu zen une oro. Aurkariak, Jarrilleros, ez zuen ezer jokoan. Sailkapeneko erdiko postuetako bat hartuta, play-off postuetara iristeko aukera guztiak galduak zituen, eta datorren denboraldian 3. mailan jarraituko zuela ere ziurtatua zuen. Egoera honetan, ezer galtzekorik gabe, partida txukuna egin eta aurkariari gauzak zail jartzea bilatu zuen. Eta baita lortu ere.
Partida hasi eta segituan 5 jokalarirekin erasotzen hasi ziren, oraindik ere markagailua 0-0 zegoela. Hori gutxi ez, eta apustua ondo atera zitzaien, 5. minutu inguruan Tolosalak gaizki defendatutako jokaldi batean 0-1koa ezarri baitzuen. Ondorengo minutuetan Tolosalak berdinketa bilatu zuen Iker Lopez zein Unai Alustizaren jaurtiketen bitartez, baina atezainak zein langak 1-1koa eragotzi zuten. Atsedenaldian 0-1 zioen emaitzak, eta talde urdinak bazekien gauza asko zuzendu beharko zituela 3 puntuak etxean geratzea nahi bazuen. 2. zatirako beste aurpegi bat beharko zuten; tamalez, inoiz erakustera iritsi ez zena. 2. erdia hasi eta 20 segundora 0-2koa jaso zuen Tolosalak. Kolpe mingarria benetan. Markagailuak behartuta, pauso bat aurrera egitea bilatu zuen taldeak, eta esperantza ere itzuli zitzaion Josu Alonsok 1-2koa sartu zuenean.
Dena den, denbora gutxi iraun zuen ilusioak, segituan jaso baitzuen 1-3koa, kontraeraso batean. Tolosala behin eta berriro gerturatu zen gol bakarrera markagailuan (2-3 eta 3-4 ere joan baitzen), baina inoiz ez zuen berdinketa lortu. 5 jokalarirekin eman zuen 2. erdiaren zati handi bat, baina ezer gutxi egin zuen. Baloiaren mugimendua geldoa zen, eta aurkariak ez zuen zulo posibleak ixteko gehiegi sufritu. Partida amaieran, 4-6. Etxeko taldearen golegileak, Josu Alonsoz gain, Enaitz (2 aldiz) eta Iker Lacunza izan ziren. Ligako momentuak eskatzen zuen mailatik urrun aurkitu zen Tolosala une oro. Partida hau galdu ostean aurretik zuen koltxoi guztia galdu du, eta ezin du puntu gehiagorik galdu.
Oraintxe bertan sailkapeneko 4. postuan dago, 2. eta 3. postuetatik puntu bakarrera. 5. postuaren puntu bat gainetik dago ere. Datorren astean ere beste final bat jokatuko du taldeak, Donostiako Gasca kantxan, Donipariren aurka. Ea garaipenarekin aste honetako zapore garratza kentzea lortzen duten gure mutilek. Zorte on! #GOGOTEEPTOLOSALAGO
bottom of page





.png)

%20(1)_JPG.jpg)