top of page
TOLOSALA A.F.K.E. GARAJES TOLOSA 1-2 MONDRATE C.D
3 puntuek Uzturpetik ihes egin zuten larunbatean Tolosalak Mondrateren aurka jokatu zuen partidan. Puntuetan berdinduta eta aurreko jardunaldian galduta iritsi ziren bi taldeak norgehiagoka honetara. Gauzak honela, partida hau irabazteak dinamika positibora itzulera azkarra ekartzeaz gain, aurkari zuzen bati 3 puntuko tartea sartzea baimenduko zuen. Gol aukera garbiez gozatu ez arren, Arrasateko taldea hobeto sartu zen partidara. Eurak ziren baloiaren jabe eta aurkariaren areara inguratzen hasi ziren lehenak. Korner zein falta batzuk izan zituzten alde, baina Tolosalak atzean ondo eutsi zuen. Partidaren 7. minututik aurrera, ordea, erasoan sentsazio onak hartzen eta erosoago sentitzen hasi zen etxeko taldea, eta honekin batera gol aukerak etorri ziren. Horren adibide dira Galluk zein Beñatek eginiko jaurtiketak, atezainak atera zituenak, zein Iker Lacunzari bigarren zutoinean atzean geratu zitzaion baloia. Partidan nagusi izan arren golik sartzea ez zuen lortu, eta atsedenaldira 0-0ko emaitzarekin iritsi ziren taldeak. Dena den, lehen 20 minutuak amaitzear zirela Alexek merituzko geldiketa bat egin zuen, taldeak atzean eginiko despiste bat konponduz.
Dena bigarren zatian erabaki zen, joko maila aldetik hain ikusgarria izan ez zena, baina minutuak pasa ahala emozioan irabazi zuena. Zati nahiko korapilatsua izan zen, inork argi dominatzen ez zuena eta epaileen erabakiek baldintzatu zutena. Lehen zatian bezalaxe, Tolosala azkar kargatu zen faltez, eta gertakari honek ondorengo minutuetan defentsan erakutsi ahalko zuten intentsitatea mugatu zuen. Etxeko taldearentzat lehen gola iristeko aukerak izan ziren. Galluk zein Josuk izan zituzten garbienak euren oinetan, baina azken unean behar bezain ondo ez definitzeak Tolosalari markagailuan aurretik jartzea galarazi zioten. Kontrakoz, defentsaren bizkarra ondo harrapatu ostean, Mondrate izan zen partiduko lehen gola sartu eta 0-1koa jarri zuena. 1-0 aurretik jartzeko aukera anitz izan zituen Tolosalak, eta orain atzetik ikusten ziren. Dena den, oraindik bazuten partida iraultzeko denbora, eta saiakera horretan, erasotzen jarraitu zuten. Hala ere, lehen esan bezala, faltez kargatuta zegoen etxeko taldea eta jada 5 falten abisua jasoa zuen. Gauzak honela, Alexen atetik gertu borrokatutako baloi batean 6. falta egin zuen Tolosalak, eta falta honen doble-penaltia ondo sartu zuen Mondratek 0-2koarekin markagailuko distantzia bikoizteko. 4 minuturen faltan bost jokalarirekin jokatzera pasa zen Tolosala. Oraindik bazuten denbora partidan sartzeko, eta aukerak izatera ere iritsi ziren. Unai Alustizak sartu zuen 1-2koa, etxeko taldeari puntu bat gutxienez lor zezakeela sinetsarazi ziona. Dena den, ez zen posible izan, eta partida 1- 2koarekin amaitu zen. Orokorrean partida ona jokatu zuen Tolosalak, baina garesti ordaindu zuen aldeko gol aukerak sartu ez izana. Aurkaria ona denean, aldeko aukerak aprobetxatzen ez badira, garesti ordaindu ohi da gero.
Datorren astean izango du Tolosalak aukera berriro ere puntuak hirunaka batzeko. Elorrietakoren aurka izango da partida, larunbatean, 16:30tan. Ziur 3 punturekin datorrela etxera taldea! #GOGOTEEPTOLOSALA
bottom of page





.png)

