top of page
ALMI ELORRIETAKO 0-6 TOLOSALA GARAJES TOLOSA A.F.K.E.
3 puntu garrantzitsu ekarri zituen etxera Tolosalak larunbatean Almi Elorrietakoren aurka Bilbon jokatu zuen partidatik. Jardunaldi honetara bi taldeak puntu berdinekin iristeak norgehiagoka parekatua izango zela pentsarazi zezakeen arren, partidan ikusi zena oso desberdina izan zen. Lehenbiziko minututik Tolosala baloiaren eta gol aukeren jabe egiten hasi zen, aldeko sake zein korner asko lotuz bata bestearen atzetik. Atzean ere ondo defendatzen hasi ziren, aurkariari gola sartzeko aukerarik eman gabe. Hasiera onaren fruituak laster jaso zituzten Tolosalak. Lehen zatiko 5. minutua igarota Iñigo Garmendiak markagailua estreinatu zuen, atezainak ezer gutxi egin zezakeen ezkerkada batekin. Jokaldi kolektibo on bati amaiera ezin hobea eman zion Iñigok, Tolosako taldeari aurretik jartzea baimendu ziona. Ondorengo minutuak ere onak izan ziren. Gol aukerek jarraitzen zuten, eta aurkariak ez zuen min egiteko modurik ikusten. Dinamika honetan, lehen zatia amaitzeko 6 minutu inguru faltan, Josu Erauskinek 0-2koa ezartzea lortu zuen, area barruan jaberik gabe geratu zen errebote bat aprobetxatuz. Hala ere, abantaila bikoiztu zutela ikusteagatik akaso, atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan taldeak puntu bat jaitsi zuen intentsitatean, eta honekin batera Elorrietako aukerez gozatzen hasi zen. Horien artean garbienak area kanpotik zurtoinera bidalitako baloi bat zein aprobetxatu gabeko 1vs1 bat izan zituzten, baina zorteak Tolosalaren alde jokatu zuen. 0-2koa zen emaitza atsedenaldian. Lan erdietara aurretik iritsi arren, Tolosalak bazekien lanean jarraitu beharra zuela, oraindik edozer gertatu ahal izateko denbora baitzegoen.
Horrelako partidetan azpitik doan taldearentzako kolpe handia izan ohi da bigarren zatia hasi eta segituan beste gol bat jasotzea. Euren zoritxarrerako, horixe egin zuen Enaitzek. Aldeko falta arriskutsu batean ondo mugitu zuen baloia taldeak, Zaldibikoak aprobetxatu zuena baloia sareetara bidaltzeko eta 0-3koa ipintzeko. Partida amaitzeko 15 minutu faltan bost jokalarirekin erasotzen hasi zen Elorrietako, markagailuan gerturatu nahian. Baloia alde batera eta bestera mugitzen aritu arren, oro har fin aritu zen defentsa lanetan Tolosala. Gola sartzeko eta markagailua estutzeko aukerak izan bazituen ere talde bilbotarrak, ez zuten hauek aprobetxatzen jakin. Kontrakoz, Tolosalak beste hainbeste gol sartu zituen. Gol hauen egileak Enaitz, Unai Alustiza eta Antton izan ziren, hurrenez hurren. Enaitzek bi gol sartu zituen partida batean lehen aldiz, Unai Alustizak denboraldi hasiera honetan golarekin harreman ona izaten jarraitzen duela erakutsi zuen berriro, eta Anttonek lehen zatian huts egindako aukera garbi bat konpentsatzea lortu zuen bere golarekin. Partida amaieran, 0-6 Tolosalaren alde. Talde konpletoa izatea erakutsi zuen Tolosalak: atzean sendo, aurrean fin. 3 puntuak poltsikoratuta eta golik jaso gabe itzuli ziren Bilbotik, baita sentsazio oso positiboekin ere.
Datorren ostiralean Gernika izango dute aurkari, goiko postuetan ibili ohi den taldea. Partida zaila espero da, baina Gernikak berak ere lanak ondo egin beharko ditu Uzturpetik garaipen batekin irten nahi badu. Dena den, puntuak etxean geratuko direlakoan gaude, are gehiago Tolosalak azken astean erakutsi duen mailari erreparatuta. Zorte on, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALA
bottom of page





.png)

