top of page

AFANTXO PESC. FERRERES 1-4 TOLOSALA GARAJES TOLOSA A.F.K.E 

Urrezko 3 punturekin itzuli zen etxera Tolosala larunbatean Afantxoren aurka jokatu zuen partidatik. Garaipen honekin astean zehar Gipuzkoako Kopan Ttakun talde azkoitiarraren aurka jasandako ustekabeko porrotari erantzun ezin hobea eman zion taldeak, baita ligan goiko postuengatik borrokatzeko maila soberan duela erakutsi ere. Hasieratik erakutsi zuen Tolosalak partida irabazteko asmoarekin joan zela Pasaiara. Baloia zentzuz mugitzen eta, hauek garbiak izan ez arren, gol aukerak sortzen ekin zion norgehiagokari. Bestetik, Afantxok erasoan ez zuen aurkitzen min egiteko modua, eta izan zituen gol aukera gutxi horiek ondo indargabetu zituen Tolosalak, defentsan eginiko lan kolektibo on bati esker. Minutuak aurrera zihoazen eta markagailuak 0-0koa islatzen zuen. Hala, atsedenaldira iristeko minutu bat baino gutxiago falta zela, Beñat Balerdik baloia ezker hegalean hartu eta banakako jokaldi on batetik Tolosalaren aldeko penaltia probokatu zuen. 15 segundo faltan, Beñat bera izan zen penaltia sartu, 0-1koa ezarri eta atsedenaldirako Tolosala markagailuan aurretik ipini zuena.

Lan erdietara irabazten iritsi arren, Tolosalak bazekien Afantxoren mailako aurkari bati irabazi nahi izanez gero 2. zatia aurrekoa bezain ona edota are hobea egin beharko zuela, zerbaitegatik baitzihoan Pasaiako taldea sailkapenean 2. postuan liderrarekin berdinduta. Ideia hori buruan izanik ekin zion 2. zatiari minutuak aurrera zihoazen eta Tolosalak atzean sufritu gabe jarraitzen zuen. Kontraerasoan min egiten asmatzen ari zen ere, eta 0-2koa gertu izan zuen behin baino gehiagotan Iker Lacunza zein Enaitzen gol aukerekin. Dena den, 2. zatiaren erdialdean Enaitz bera izan zen 0-2koa sartu zuena, aldeko sake batetik iritsi zitzaion baloia sareetara bidaliz. 7 minutu faltan eta markagailuan gerturatze aldera, Afantxo 5 jokalarirekin jokatzera pasa zen. Baloia azkar mugitzen ari ziren, baina jokaldi batean izandako despiste bat Beñat Balerdik aprobetxatu zuen baloia lapurtu eta 0-3koa ezartzeko bere zelaitik eginiko jaurtiketa baten bidez.

Dena den, sufritzeko unea ere iritsi zitzaion Tolosalari. Defentsaren gaizki ulertu batetik Afantxok 1-3koa lortu zuen, eta ondorengo bi minutuetan baloiak behin jo zuen zutoinean zein langan. Hala ere, 2 minuturen faltan Enaitzek 1-4koa sartu zuen berriro ere aldeko sake batetik, partida ixteko balio izan ziona Tolosalari. Partida honelaxe amaitu zen: 1-4. Tolosalak sekulako garaipena eskuratu zuen.

Garaipen hau Jon Gallurralderi eskaini zion taldeak, partidako 1. zatian jasotako kolpe batek partida uztera behartu baitzuen anoetarra. Denbora batez zelaietatik kanpo egon beharko du Jonek lesiotik ondo errekuperatzeko. 3 garaipen jarraian lortuta, dinamika positiboari eutsi nahi dio taldeak. Horretarako aukera ezin hobea izango du datorren larunbatean Uzturpen, arratsaldeko 16:30etan. Oraingo honetan, Goierri izango da aurkaria. Zorte on eta egurra, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALA

Logo Mele Mele
Logo Garaje Tolosa
Logo AMA taberna
bottom of page