top of page
TOLOSALA GARAJES TOLOSA A.F.K.E. 7-0 GOIERRI K.E.
Larunbatean ligako 8. jardunaldia jokatu zuen Tolosalak Uzturpeko frontoian. Aurreko 3 jardunaldietan beste hainbeste garaipen erdietsita, dinamika positiboari jarraipena eman eta, partida irabaziz, sailkapeneko goiko postuetan indartzea zuen helburu taldeak. Asmo hori izorratzekotan iritsi zen Goierri talde urretxuarra, sailkapeneko azpiko postuak gertu ikusten zituena eta jardunaldi honetako 3 puntuak oso ondo etorriko zitzaizkiona sailkapenean arnas pixka bat hartu ahal izateko.
Gauzak honela, partida hasiera astuna izan zuen Tolosalak. Jokaldiak lotzeko eta aurkako atera gerturatzeko komeriak zituen etxeko taldeak, bi taldeetako inork partidaren jabetza ez hartzea ekarri zuena. Hala ere, lehen minutuko 8. minutuan Iker Lacunzak partidako lehen gola sartu zuen aldeko korner batetik. Gol garrantzitsua izan zen Ikerrena, markagailuan aurretik jartzea ez ezik, taldeari gainetik presioa kendu eta joko hobea erakustea ere baimendu ziolako. Handik minutu batera aurkariarekiko distantzia bikoiztu eta 2-0koa ezarri zuena Enaitz izan zen. Jokaldi guztia berak egin zuen: baloia lapurtu, aurkariaren areara gerturatu eta gola sartu. Konfiantzaz gainezka dago zaldibiarra, ligan golak sartzen hasi zenetik, besterik ez baitu egiten. Lehen zatiak aurrera jarraitu zuen eta Tolosala partidaren jaun eta jabe zen. Atzean sufritu gabe eta aurrean min eginez, atsedenaldira iritsi aurretik beste bi gol sartu zituen etxeko taldeak, zein baino zein hobea. Josu Erauskin eta Enaitz izan ziren golegileak, hurrenez hurren. Lehenak Antton Garrorekin maisuki burututako kontraeraso baten bidez sartu zuen gola; bigarrenak, baloia pasatzen utzi eta Unai Alustizarengandik jasotako pase bati esker. Gol honekin taldeko pitxitxi bilakatu zen Enaitz. Ligako bere 7. gola zen. Atsedenaldira 4-0 aldeko markagailuarekin iritsi zen Tolosala, partida oraindik ere guztiz itxi gabe, baina bai garaipena bideratuta.
Dena den, segituan arduratu zen taldea garaipena ziurtatzeaz. Jokaldi kolektibo on baten bitartez Asier Yarzak atezaina gainditu eta gola sartu zuen bere lehenbiziko partidan. Min hartu zuen Jon Gallurralderen lekua hartu du taldean tolosarrak. Azken minutuetan iritsi ziren azken bi golak. Hauek Josu Alonso eta Josu Erauskinek eskutik iritsi ziren, bigarren zutoina bilatu zuten jokaldi banatan. Partida guztian zehar ia sufritu eta gol aukerarik jaso gabe, norgehiagoka 7-0 amaitu zen.
Esan bezala, garaipen honekin ligako azken 4 partidak jarraian irabazi ditu Tolosalak. Taldeak sailkapeneko 3. postua hartu du. Pozik daude jokalariak zein gorputz teknikoa, baina badakite hau oso luzea dela eta oraindik ere asko dutela egiteko postu horietan jarraitu nahi badute. Aste honetan Usansolo talde bizkaitarra bisitatuko du Tolosalak. Larunbatean izango da norgehiagoka, arratsaldeko 16:00tan, Galdakaon. Azken postuan dago Usansolo, orain arte partida bakarra irabazita. Ziur gaude Tolosalak bere lana ondo egiten badu 3 puntuak etxera ekarriko dituztela beraiekin. Zorte on, mutilak! #GOGOTEEPTOLOSALA
bottom of page





.png)

%20(1)_JPG.jpg)